Lorea
Gerora jakin nuen nire aitarena. Bera ahate baten urdailean jaiotakoa zen eta haiek soilik plastikoz elikatzen zituztela esan zidaten. Aitak handik alde egitea lortu zuen baina bere barruan aldaketa egina zegoen ordurako.
Denak oso pozik bizi omen ziren Plasten garaian, plastik-kola edaten plastikozko edalontzian, plastikozko zelaietan jolasten, plastikozko igerilekuan plastikozko flotagailuarekin eta plastikozko ohean lo egiten, materia organiko guztia plastiko bihurtuz, eta lasai zeuden, birziklatzen baitzuten eta 500 urteren buruan, berriz materia organikoa izango zutela baitzekitelako, baina materia organikoa amaitzen hasi zen…
Nola dakit nik guzti hori? Orain azalduko dizuet: urdailetik kanporatu nindutenean, noraezean ibili nintzen heste mehean gora eta behera. Azkenean bidean aurrera jarraitu nuen argi batek ia itsutu ninduen arte. Jakinminak hala ere argi hartarantz zuzendu ninduen eta oraindik ikusteko arazoak nituenean, haize ezagun bortitz batek kanpora bultzatu ninduen; puzkar bat zen.
Hor jausi nintzen plastikozko zelaira, eta nire gainera gorotza jausi zen. Une hartan nire harridurarekin ez nintzen konturatu, baina gorotza ez zen azken urteetakoa bezalakoa, baizik eta liburu zaharrenetan agertzen zirenak bezalakoa, baina esan bezala, oso urduri nengoen eta ez nintzen orduan konturatu.
Garai hartan bizi izan nituen nire bizitzako unerik zirraragarrienak eta orduan jakin nuen arestian kontatutakoa, munduaren nondik norakoak alegia. Nire bikotekidea ere orduan ezagutu nuen. Bera ere ni bezala kanporatutakoa zen eta plastikozko munduan zehar bueltaka ibili ginen nekatu arte.
Sorpresa nire etxea ezagutzera eraman nuenean izan zen. Puzkarrak kanporatu ninduen eta gorotza jausi zeneko lekuan lore bat zegoen! Bai bai, ez plastikozko lorea baizik eta lore natural eder bat!!






