Jaiotza
Plast ondorengo 72. urtea zen ni jaio nintzenean. Ah, ez dakizue nor den Plast? Plast lehendabiziko plastikozko pertsona izan zen, eta bere jaiotzak (edo sorkuntza hobeto esanda) garai berri bati hasiera eman zion; urte hura izan zen beraz Plast garaiko lehen urtea. XXI. mendean batez ere gertatu ziren aldaketarik nabarienak gure familian. Gureak lasai bizi ziren izaki bizidunen urdailetan; argi dago, beti egon izan dira klaseak eta ardi latxa eta betizuen urdailetan bizi zirenek, pertsonen urdailetan bizi ginenok baino jaki hobeak zituzten, gure urdailetara gero eta kalitate txarragoko jakiak sartzen baitziren. Poliki-poliki, kalitate galera horri beste gauza arraro bat gehitu zitzaion; kolore askotako eta iresteko oso zaila egin zitzaigun “jaki” bat sartu zen behin gure urdailera. Zaharrenek ziotenez, behin bere maizterrak txikle bat irentsi omen zuen eta zerbaiten antza izatekotan, txikle harena zuela esaten zuten. Inori ez zitzaion gustatu eta jandakoan goragalea izan zuenik ere ez zen falta izan. Inork ez zuen nahi baina gero eta gehiago sartzen zen eta gero eta jaki bigun gutxiago. Ez genekien zer zen probetxugarria gorputzerako eta zer kanporatu behar genuen, beraz koloreka edo erditik moztuz banatzen genuen urdailetik organoetara bidali behar genuena edota kanporatzeko hesteetara bidaltzekoa zena. Behin kanpotik etorritako urdailkius batek (hala deitzen ziguten) esan zigun gizakien artean Plastiko deitzen ziotela guregana heltzen zen jaki horri.
Orduan jaio nintzen ni, eta zelako sorpresa nire amarentzat! Ni ez nintzen haiek bezalakoa; kolore biziak nituen eta txano belarridun bat eta kapa urdin batekin jaio nintzen. Garai hartan urdailkiusen txanoak ez zituen belarririk eta kapa morea zen. Amak ezin izan zuen egiaztatu halako izaki bitxiaren aita nor zen, kanpotik etorritako asko baitzeuden komunitatean eta alde batetik penatuta eta bestetik arazo bat gainetik kenduz, urdailetik kanporatu ninduten hesteetara.







Nahi duzunean pasako da zure etxeko zaborra jasotzera!Ea noiz idazten dituzun abenturak, Ileoni zer gertatzen zaion jakin nahi dugu!
Barkatu baina iruzkin hau zure blogari dagokio