ondorioak supeargi ez balego
Argi kutsaduraren ondoriorik agerikoena, Fernando Jaureguiren esanetan, kulturala da. Eta estetikoa. Hiri inguruetan, zerua ia hutsik agertzen zaigu, oso izar gutxirekin alegia. Unibertsoak eskaintzen duen ikuskizun paregabea ari gara geure buruei ezkutatzen. Argi kutsadurak zeharo oztopatzen du astronomoen lana, eta horregatik eurak izan ziren -eta dira- aitzindariak hura salatzen.
Bada besterik. Dagoeneko ezaguna da gauez argi gehiegi egoteak zenbait animaliari egiten dien kaltea, intsektuei batik bat. Baina ez haiei bakarrik: hegazti eta ugaztunak ere ari dira gure argi faktura ordaintzen. Gure osasunari egiten dion kaltea aztertzen ari dira, halaber. Gaia berri samarra da, eta are berriagoak ikerketak, baina susmoa dago ondorioak naturaren eremu guztietan igartzen direla.
Gainera, alferrik igortzen dugun argia ekoizteak badu eraginik ingurumenean. Kalea argiztatzeko erabiltzen den argiaren %35-40 alferrikakoa da eta gure begiek baliatu ezin dezaketen argia sortzeko CO2 asko igortzen dugu atmosferara.






